2013/08/01

Android App-ak garatzeko erremintak

Android aplikazioen garapena normalean Java programazio lengoaian egiten da, hau da, objektuetara orientaturiko programazioak dituen abantailez baliatzen gara App-en garapena burutzeko.

Javak baditu Android-erako propio diseinaturiko garapen erreminten multzoak, hots, SDK ( Software development kit) deritzanak. Ondoren aipatuko ditudan garapen ingurune edota plataforma gehienek Androiden SDK-a beharko dute instalaturik  Android App-ak garatu ahal izateko.

Azpimarratu behar da dena den existitzen direla programazio lengoai konplexuez ezer jakin gabe, modu grafiko batean Android App-ak garatzen laguntzen duten erremintak. Kasu honetan nabarmentzekoa da App Inventor tresna.

Javan garapenak burutzeko garapen ingurune edota plataformei dagokienez, bi dira kontuan hartzekoak gaur egun: batetik Eclipse, Java plataforma ezagunena oraindaino; bestetik Android Studio, orain pare bat hilabete eskas Android-ek berak  askatutako garapen plataforma propioa.

Aukera ezberdinez hitz egiten ari garenez hona hemen kontuan hartzeko zerrenda bat:
  • Eclipse: aipatu bezala Javan garatzeko plataforma da, eta Androideko SDK-a eta beste zenbait erreminta gehiago instalaturik modu egokian lan egin daiteke.
  • Android Studio: Eclipseren oso antzeko ezaugarriak dituen Androiden plataforma propioa da.
  • App Inventor: App Inventor MIT Unibertsitateak (Massachusetts Institute of Technology) Android aplikazioak modu bisualean sortzeko garatutako tresna da. Proiektu honen arduradunen arabera tresna hau erabiltzeko “ez da programatzaile profesionala izan beharrik”, eta oso modu errazean sor daitezke Android gailuetan exekutatu daitezkeen aplikazio sinpleak.
  • Phonegap, Appacelerator eta Icenium: App-ak modu natiboan garatu ordez, web estandarretan (HTML5, CSS eta Javascript) oinarrituriko diseinuak App-etan moldatu, bihurtu eta enpaketatzen dituzten erremintak dira. Batzuen iritziz Javaren ordezkaria izan liteke etorkizunean App-en garapenari dagokionez.
  • Basic4Android: VisualBasic programazio lengoai grafikoan oinarritzen da, Javarekin borroka luzean diharduena urteetan zehar.
  • Mono: Microsoft-ek garaturiko C# eta .NET lengoaietan du iturria eta Visual Studio erabiltzen da garapen ingurune edota plataforma moduan.
  • Livecode:  Android, iOS, Windows, Linux, iPhone, iPad, Web eta zerbitzarietarako ere programatu daitekeen plataforma da Livecode. Ebentuetara orientaturiko programazioan oinarritzen da.
  • In Design CS6: Programazio ezaguera urriak dituzten eta diseinu grafikora dedikatzen diren profesionalei dago zuzendurik.
AndroidEkin-en Javan(Eclipse erabiliz batez ere zeren Android Studio oraindik oso berria da!) eta AppInventor erremintetan zentratuko gara.